XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HB: EAJk bakea nahi badu askatu egin behar du PSOErekiko loturatik

Xabier Arzalluz EAJko lehendakariak alderdi jeltzaleko militanteei egindako deiak bakearekin zerikusirik ez duela esan zuen atzo HBk igorritako ohar batean.

Izan ere, Arzalluzek bazkide jeltzaleei eskutitz bat igorri bait zien, mugimendu hiritarrek bakearen alde antolatzen dituzten ekintzetan parte har zezaten eskatzeko.

HBren ustez, ordea, buruzagi jeltzaleak eskakizun honekin zera lortu nahi du, PSOEk eta Madrileko Gobernuak, EAJren laguntza eskergaz Euskal Herriaren aurka daraman gatazka politikoan sar eraztea, oharraren arabera.

EAJk, Arzalluz buru duela -adierazi zuen HBk-, bakearen aldeko deiak egin eta berba egiten duen bitartean, bere Polizia erabiltzen du Euskal Herrian egiten diren lan, gizarte eta politika arloetako aldarrikapenak zanpatzeko.

Argudio honekin, EAJri torturaren aurrean isilik irautea, euskal presoen tratu basatia isilaraztea eta industria deuseztea onartzea leporatu zizkion.

HBk iritzi zion Arzalluzen helburua benetan bakea bada, buruzagi jeltzaleak okerreko bidea hartu duela, EAJk bakea lortzeko eman beharreko urrats sendoenak bere exekutibaren esku daudelako.

Ildo horretatik alderdi honek EAJ PSOEri lotzen dizkioten lokarriak askatu eta abertzaleen aurkako itunean egoteak eragiten dion sokak askatzeko aholkua eman zion, egunerokotasunean Euskal Herri subiranoa eraikitzea ahalbideratuko duen benetako bakearen alde lan eginez.

Bestalde, HBk herrialde batzarrak egingo ditu asteburu honetan hasita, alderdi honetako zinegotziek aurrerantzean udal ezberdinetan izango duten jokabidea zehazteko helburuaz, atzo igorritako ohar batean jakin erazi zuenez.

Lehenengo Asanblada Arabakoa izango da, datorren ostiralean eta bigarrena, Bizkaiakoa, hurrengo egunean.

Orain arte egindako lanaren balantze sakona egin eta bereziki martxoko udal hauteskundeetarako sortu zen Herri Programaren gauzatzea eta udal batzordeetako funtzionamendua aztertuko dira.

HBko zinegotziak eta udal batzordeetako arduradunak bilduko dituen batzar hauen barruan aurkeztuko da Zinegotziaren oinarrizko liburua deitutakoa.